Historia

Armentia Ikastola izango zena martxan jartzeko lehen erabakia Iruñean hartu zen Ikastolen II. Batzar Nazionalekoa da. Hortik abiatzen da Ikastolen taldean Gasteizen taldearen irizpideen arabera ikastola berri bat eraikitzeko lehen asmoa. Errioxan eta Aiaran oso inplikatuta agertu ziren hasieratik ikastola horietako eragileek proiektu honekin aurrera egiteko, eta lehen aipamenak 1989-1990 urteetan jarri ziren AIFn eginiko bileretan.

“Presakako oharra: Hezkuntza, unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Ikastetxeen Zuzendariaren irailaren 29ko Erabakiaren bidez, Arabako Ikastolen Elkarteak bultzatutako baimen-espedientearen proiektutako obrak indarrean dagoen legeari egokitzeari uko egin dio. Beraz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Armentia Ikastolak ez duela lortu hezkuntz jarduera garatzeko administrazio baimenik adierazten du; berori indarrean dagoen legalitateak arautzen dituen baldintzen bitartez lortzen bideratu ahal direlarik. Era berean, Hezkuntza Sailak nahi duten hizkuntz ereduen beste ikastetxeren batean herri ikaspostuaren eskaintza egin die gurasoei.”

1992/93 ikasturtearen hasieran era honetara eman zion harrera garai hartako Hezkuntza Sailak jaioberri zen Armentia Ikastolari. Aurreko hileetan, Arabako eta Euskal Herriko hainbat gizarte eragilerekin izandako harremanen ostean, era bateko eta besteko erantzunak bitarte zirela, ikastolen munduko teknikari, guraso eta irakasle talde txiki batek aurrera egin zuen “Oblatas” egoitzan ikastola berria egiteko proiektuarekin.

Finantza bidea maldatsua bazen ere, ez zen leunagoa izan legalizazioa. Gelak baimentzeko prozesua 1992-93 ikasturtea hasi baino lehen jarri zen martxan, 1992.eko ekainean. Uztailaren 13an ukatu egin ziguten baimena.

Hasikinetan, Gasteizko ikastola berriaren proiektuaren zama ikastolen talde osoak hartu zuen, Konfederazioak eginiko Batzar Nagusiaren erabakiz, eta bultzada nagusia garai hartako Arabako Ikastolen Elkarteak eman zion.

Handik lasterrera, 1993ko ekainean, Armentia Ikastola kooperatiba integrala sortu zen, baina aldaketa juridiko honekin ezin izan zen legez aurrera egin 1995.eko uztailaren 26an Hezkuntza Saila berriak Ikastolaren titulartasunaren aldaketa guztiz onartu zuen arte. Orduantxe, erakunde berri honen eskuetara etorri zen Ikastola, bertako ikasleen familien eta lanean zeuden irakasle eta langileen esku hain zuzen ere.

Urte latz haietan Armentia Ikastolako ikasleek Arabako eta beste lurraldeetako ikastoletan izan zuten babesa, legez behar ziren baldintzan betetzen ez zirelako.

Aldi luzez urratutako bideak, azkenean, 1994.eko urtarrilean Hezkuntza Sailak eman zuen baimenarekin izan zuen nolabaiteko irtenbidea: 3 talde aurrikusten ziren bakarrik Haur Hezkuntzako 2. zikloan.

1994/95 ikasturtea izan zen, beraz, Armentia Ikastola legearen barruan lanean hasi zen lehen aldia. Ordurako, baina, Ikastolak bazituen 2 eta 3 urteko haurren taldeak, eta Gasteizko beste ikasketa zentroetatik eta hezkuntz-proiektuetatik zetozen BBB 1, BBB 2 eta BBB 3ko ikasleak. 1994ko uztailaren 18an Armentia Ikastolak Haur Hezkuntzako 2. zikloan 6 talde eta behin behinekoz BBBn 4 ikasgela eratzeko baimena jadetsi zuen.

Hala ere jarraipena ez zen samurra izan. Batxilerretarako ibilbidearen aurrean ez zen irtenbide argirik aurkitu eta beheko mailetako ikaslegoa sendotuz zihoan neurrian goiko mailetako iraupena ezinezkoa izan zen.

Ikastolaren barne egitura eta langileen jarduna goitik behera aldatu eta egokitu behar izan zen. Beste alde batetik, erakundearen titulartasuna 1995eko uztailaren 26an geratu zen oso-osoan Armentia Ikastolako kideen esku.

LOGSE sistema hedatuz zihoan neurrian goiko mailak desagertuz joan ziren, beraz, eta behetik, 2 urteetatik hasita, zetozen haurren taldeekin Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza indarrean jarriz joan ziren.

Hasiera-hasieratik ere Ikastolen talde osoan finkatuz joan diren oinarri pedagogiko eta metodologikoak ezarri ziren Armentia Ikastolan, eta gaur egun guztiz garatuta ditugun proiektuen oinarriak: hezkuntzaren ikuspegi eraikizailea, eleaniztasuna, Euskaraz Bizi, orientazioa, elkarbizitza…

Hasieratik beste ikastolekin batera eginiko aukera pedagogikoaren emaitzak agerikoak izan dira eta 2005/06 ikasturtetik hasita lehenengoz izan ditugu kalean Armentia Ikastolan goitik eta behera eskolaturiko ikasleen promozioak.