Agenda 21

ZER DA ESKOLAKO AGENDA 21?

Ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.

Ingurumen-hezkuntza programa bat denez, ingurumen-arazoen konponbidean parte hartzeko ezaguera, gaitasuna, jarrera, motibazioa eta konpromisoa garatzea da haren xede nagusia.

Bere ezaugarri garrantzizkoenak hauexek dira:

  • Bi eremu lantzen ditu, eskola bera eta udalerria edo eskualdea.
  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza du ardatz eta oinarri, eta ikasleen protagonismoa bilatzen du.
  • Kudeaketa arduratsu eta iraunkorra sustatzen du.
  • Curriculum-berrikuntza eragiten du.

 

ZERTARAKO BALIO DU?

Iraunkortasunerako hezi

Eskolako Agenda 21ek hedapen handia izan dute gure artean nahiz nazioartean. Gaur egun milioika pertsona ari dira programa hori lantzen eta, beraz, Planetaren iraunkortasunaren alde egiten. Hori dela eta, 2007. urtean UNESCOk, Garapen Iraunkorrerako Hezkuntzaren Hamarkadaren barruan, jardunbide egokitzat hartu du programa hori.

Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan, 2001. urtetik aurrera, Tokiko Agenda 21 programak hasi ziren garatzen. Egoera horrek eskola eta udalerrien arteko sinergia sortu zuen eta aukera bikaina zabaldu zuen haien ingurumen-programak uztartzeko. Modu horretan hasi zen garatzen, 2003. urtetik aurrera, Eskolako Agenda 21, eta urterik urte gero eta ikastetxe gehiago ari dira parte hartzen. Izan ere, 2007/2008 ikasturtean derrigorrezko hezkuntzako ikastetxeen erdiak baino gehiago aritu dira Eskolako Agenda 21 garatzen.

Ikastetxeen, Eusko Jaurlaritzako bi sailen (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila) eta Udalen arteko lankidetzan oinarritzen den programa da, eta, horri esker, baliabide eta laguntza ugari ditu (ekonomikoak, aholkularitza, prestakuntza...).

Oso tresna eraginkorra da Euskal Curriculumaren oinarrizko konpetentziak garatzeko, eta, beraz, XXI. mendeko herritar arduratsu eta konprometituak egiten laguntzeko.

Gainera, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020) dokumentuan jasotzen diren helmugak (kutsadurari aurre egiteko, biodibertsitatea babesteko, klima-aldaketaren eragina mugatzeko...) lortzen laguntzeko bitarteko hobezina izan daiteke Eskolako Agenda 21.

 

NORENTZAT DA?

Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

  • Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
  • Ikasleak benetako protagonistak dira EA21eko fase guztietan.
  • Familiek parte aktiboa dute ikastetxean antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.
  • Langile ez-irakasleak programaren antolamenduan , diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

 

NOLA ANTOLATZEN DA?

Hezkuntza-komunitate osoari zuzentzen zaio:

  • Irakasleak dira programaren dinamizatzaileak eta curriculumaren egokitzapenaren arduradun nagusiak.
  • Ikasleak benetako protagonistak dira EA21eko fase guztietan.
  • Familiek parte aktiboa dute ikastetxean antolamenduan eta jardueretan arituz eta etxean eredu arduratsuak eskainiz.
  • Langile ez-irakasleak programaren antolamenduan , diagnostikoan eta kudeaketan parte hartzen dute.

 

ZEREN INGURUAN LANTZEN DA ESKOLAKO AGENDA 21?

Eskolako Agenda 21 gai edo arazo baten inguruan garatzen da, eta, horretarako, programaren helburuak ditu oinarri eta erreferentzia.

Iraunkortasuna oso kontzeptu zabala da, eta gai ugari hartzen ditu bere barnean. Guztiak dira baliagarriak programa garatzeko. Horien artean hauexek aipa daitezke: biodibertsitatea, klima aldaketa, kutsadura, kontsumo-ohiturak, garraioa eta mugikortasuna...

Gaiaren garapena hiru ardatz edo esparru hauen inguruan egiten da:

  • Hezkuntza-komunitatearen partaidetza.
  • Kudeaketa iraunkorra.
  • Eskolako curriculum -berrikuntza.

 

NOLA GARATZEN DA PROIEKTUA URTEAN ZEHAR?

Bost fase nagusi ditu:

  • Antolamendua eta Planifikazioa: antolamenduaren oinarriak (koordinatzailea, talde sustatzailea...) eta hasierako planifikazioa zehazten dira.
  • Sentsibilizazioa eta motibazioa: behar-beharrezkoa da hezkuntza-komunitatearen partaidetza lortzeko. Egitamu berezi baten bidez egitea komeni da.
  • Diagnostikoa: ikastetxearen hasierako argazkia edukitzeko balio du. Horretarako programaren hiru ardatzak hartzen dira kontuan. Bestalde, udalerriaren egoeraren azterketa egiteko une aproposa da.
  • Ekintza-plana: fase honetan definitzen eta planifikatzen da ikastetxea eta haren inguru hurbila iraunkorrago egiteko ekintzen multzoa. Plana garatzeko hobekuntza-helburuak eta horiek lortzeko ekintzak zehazten dira; gainera, lorpenak neurtzeko adierazle batzuk azaltzen dira.
  • Komunikazioa eta Ebaluazioa: prozesu osoan egiten direnez, eta izaeraz eta ezaugarriz ezberdinak direnez, fase berezia osatzen dute.

 

NOLA KOMUNIKATZEN DA ESKOLAKO AGENDA 21?

Komunikazioaren asmoa da Eskolako Agenda 21en ibilbidea eta emaitzak ezagutzera ematea eta hezkuntza-komunitateko kide guztiengana iristea. Fase honetan foroek garrantzia berezia dute:

  • Eskolen arteko Foroa: udalerri edo eskualde bateko ikastetxeetako ikasleek osatutako organoa; Eskolen Udal Foroak prestatzeko biltzen da.
  • Eskolen Udal Foroa: ikasleek ikasturtean egindako lanaren emaitzak, konpromisoak eta proposamenak tokiko arduradunen aurrean (alkatea, zinegotziak…) aurkezteko topalekua.

 

NOLA EBALUATZEN DA?

Ebaluazioak Eskolako Agenda 21 berraztertzeko, baloratzeko eta hobetzeko balio du. Komeni da ikasturtean zehar egitea, baina proiektuaren amaiera da memento egokia helburuen lorpen-maila jakiteko eta ibilbidean egindakoa balioesteko.

Ebaluazioak hiru une ditu, eta horietan hauxe egiten da:

  • Hasierako ebaluazioa, diagnostikoaren bidez.
  • Ekintza Planaren ebaluazioa, hobekuntza-helburuei lotuta dauden adierazleen bidez.
  • Amaierako ebaluazioa, ekainean aurkezten den memoriaren bidez. Programaren osotasuna baloratzen du, bai ibilbidean egindako lana, bai erdietsi diren lorpenak.