Goizeko zaintza

“Goizeko zaintzari” hobekuntza eta ikuspuntu ezberdina emateko
nahian proiektu hau sortu zen, umearekiko errespetuari eta beraren
beharrei begira…

Helburuak:

Euskararen erabilera bultzatzea, helduen nahiz umeen artean, baina beti behartu gabe, hizkuntza era positibo batetik barneratzeko.

Umeak berak zein ekintza egin nahi edo behar duen erabakitzeko eta proposatzeko aukera izatea.

Umeen garapenean laguntzea: erritmoa, beharrak eta desirak kontuan izanda.

Ikasketetan laguntza konstruktiboa eskaintzea umeari, benetako ikaskuntza izan dadin.

Umeari bizipen eta esperientzia berriak eskaintzea, ikastaldiko protagonista izan dadin.

 

Antolaketa eta edukiak:

07:45etik 08:30ak arte: Umeak poliki-poliki joango dira heltzen liburutegira. Hortxe Laura egoten da, eta berak agurtzen ditu. Txamarrak eta motxilak aulkietan txukun uzten dituzte eta bakoitzak bere gustuko jarduera aukeratzen du.

Laguntzaileok ez dugu aurrez ekintzarik prestatuko, baizik eta jolas eta sormen espazioak prestatu eta umeek jolasean dituzten behar eta desiretan erreparatu dugu eta horien araberako jokaera izango dugu ume bakoitzarekin. Liburutegian txoko asko sortu ditugu umeen beharrei begira:

Ikasketa-laguntzarako txokoa: Txoko honetan umeak aukera izango du ulertzen ez duen guztia argitzeko, baita ikasteko eta etxeko lanak egiteko ere. Laguntzailea zabalik egongo da ume bakoitzari behar duen laguntza emateko, bakoitzaren erritmoa errespetatuz beti ere.

Sormenaren eta irudimenaren txokoa: Txoko honetan umeak askatasunez artelanak sortu ahal izango ditu astero aldatzen den birziklatutako aterialarekin (jogurtak, botilak, tapoiak, puzzle piezak...). Guraizak, kola, margoak, rotulkiak, kartulinak eta beharrezkoak dituzten materialak ere eskura izango dituzte.

Jolas txokoa: Jolas sinbolikoa, eraikinak eta kooperazioko jolasak egongo dira txoko honetan umearen garapenean laguntzeko. Txokoko joko guztiak umeek erabakitakoak izan dira. Lehenengo egunetan armairuetan gordeta zeuden jokoak guztion artean konpondu eta garbitu ditugu, baita umeek etxetik ekarritakoak ere.

08:30etatik 09:30ak arte beste aukera batzuk ere agertzen dira. Aintzane, Leire eta Itsaso heldu, agurtu, eta ume guztiek aukera dute liburutegiko txokoetan jarraitzeko edo patio/txantxalekura joateko. Patioan bi laguntzaile egongo dira, liburutegian beste bat eta behar den txokoan beste bat, umeei leku batetik bestera lagundutzeko.

Mugimendu txokoa: Txoko hau astean behin erabiltzen da, ekintza berezi moduan. Liburutegi ondoko gelan prestatzen da espazioa material ezberdinekin, umeek askatasunez esploratu eta mugitu ahal izateko.

Patioa/txantxalekua: Euririk egiten ez duenean patioan jolasteko aukera ere dago, bestela txantxalekura edo frontoira joaten gara. Bertan pilotak, futbol eta saskibaloiko baloiak, soka handia, eta horrelako materialak eskaintzen dira eta laguntzaileok haiekin jolasten dugu.

Liburutegian beti geratuko da laguntzaile bat, heldu berriak diren umeak hara joaten direlako, eta ume hauek beste gelara, txantxalekura edo patiora joan nahi badute laguntzaileak atetik begiratuko du nola sartzen diren gelara edo patioko sarreraino lagunduko die.

09:20etan gutxi gora behera gelak jaso eta liburutegian biltzen gara guztiok txamarrak-eta hartzeko. Agurtu eta klasera joaten dira umeak.

Proiektua gomendio hauetan oinarritzen da:

  • Umeekiko errespetua gauzarik garrantzitsuena izango da beti.

  • Umeari ezetz esateak asko mugatzen du, gauza bera esan ahal da beste era batez, estrategia ezberdinak aurki ditzakegu umeari egoera ulertzen laguntzeko.

  • Oihuak eta zigorrak ez dira beharrezkoak. Umeak egitea gustatuko litzaizukeena egin ezazu. Izan zaitez eredu!

  • Umearen garapenean lagundu erritmoa, beharrak eta disirak kontuan izanda, bizipen eta esperientzia berriak eskaini, umea bere ikastaldiko protagonista izan dadin.

  • Konfiantza eta ziurtasun-ingurua eskaini umeari, sentimendu eta emozioak askatasunez adierazi ahal izateko, eta horiek guztiak ulertzen eta bideratzen ikasteko aukera izan dezatela helduaren babes eta errespetuak lagundurik.