Skip to main content

Haur Hezkuntzan, hIZAN proiektuaren arabera egiten dugu lan azken urteetan. Proiektu honen oinarria haurra ulertzeko moduan datza eta ondorioz helduaren papera eraldatu du, denboraren antolaketa birmoldatu du eta Ikastolako espazioak egokitu ditu haurraren beharretara.

Haurra ulertzeko moduaren oinarri metodologikoak honako hauek dira:

  • Errespetua izan behar diogu haurraren izate osoari, baita gure buruari, helduoi ere. Kontzientzia hartzea da. Ikuskera horretatik, haurraren izate oso hori errespetatzen baldin badugu, haur horrek bere garapen propioa daukala eta gure jarrerak eragina daukala bere ibilbide edo garapen horretan argi izango dugu.
  • Konfiantza izan behar dugu haurraren berezko garapen-ahalmenean. Ez da bakarrik errespetatzea, ondoan egotea da, bidelagun izatea, eta bidelagun izate horretan kontua ez da guk haurrari esatea zer egin behar duen, baizik eta esatea hemen gaudela, lagunduko diogula, baina bera gai dela egiteko.
  • Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu. Etapa honetan, 0-6 urteetan, haurrengan aldaketa asko ematen dira: kognitiboak, bere identitate propioa eraikitzen doa,  fisikoak eta emozionalak... pauso handiak dira. Oinez eta hitzak ikastetik, komunikaziora, sozializaziora… Bizitzan ez dago horrenbesteko garapena duen beste etaparik.

Oinarri metodologiko hauetan eta Ikastolen Elkarteak sortutako hIZAN marko pedagogikoa oinarri hartuta, Armentia Ikastola bere proiektu propioa lantzen eta gauzatzen ari da azken urteetan.

 

KUKU

Haur hezkuntzan  oinarrizko emozioak eta ahozkotasuna lantzeko hezkuntza programa bat da. Norberaren emozioak ezagutzeko, kudeatzeko eta besteenak hobeto ulertzeko. Programaren lanketak haurraren garapen osoan laguntzen du, hori baita hezkuntzaren helburu nagusia eta, beraz, emozionalki adimentsuak diren haurrak prestatzen ditu.

Oinarrizko sei emozio lantzen dira: poza, tristura, haserrea, beldurra, sorpresa eta nazka.

Horrela, trebetasun sozioemozionalak garatzeak haurrei beraien burua ezagutzen laguntzen die, harremanak hobetzen eta etorkizuneko erronkei aurre egiten.