Skip to main content

Jose Luis Landa: “Ikasle eta gurasoak animatzen ditut birziklatu edo moldatutako piezak sortu eta Armentia Ikastolan erakusketa osatzera”

2020/12/03

Ikastolako sarreran pieza desberdin ugari ikusten ditugu. Nolako figurak egiten dituzu?

Denetik egiten dut. Animaliak egiten ditut, pertsonatxoak ere bai, ikastola sarreran dauden perretxikoak ere egin nituen eta horiekin dagoen haize errota bat ere bai, haizea dabilenean mugitzen dena. Figura higigarri pare bat ere badaude, ikasleek mugimenduan jarri ditzaketenak.

Zein material erabiltzen duzu zure figurak egiteko?

Orokorrean, naturan jasotako elementuak erabiltzen ditut. Alde batetik, Nojako (Kantabria) hondartzan urak ekarritako egur higatuak biltzen ditut. Badira hondartza batzuk urak egur asko ekartzen dutenak eta hau horietako bat da. Zuhaitzetatik eroritako edo kimatutako adaxkak ere erabiltzen ditut lan batzuetarako. Beste materiala, harriak dira. Ibaian batzen ditut eta egurrak bezala, uraren higadura jasan dutenak dira, horregatik, leunduak eta borobilak izaten dira. Baina naturako elementuez gain, latak ere erabiltzen ditut, berrerabiltzeko edo beste material ugari.

Zein teknikarekin lantzen dituzu naturako gai horiek?

Harriak pintatu egiten ditut batez ere, elkarrekin lotzen ditut kola edo metalarekin. Egurra ere pintatzen dut eta sugeen kasuan adibidez, kristalezko begitxoak jartzen dizkiet.

Noiz hasi zinen lan hauek egiten?

Betidanik eduki dut afizio hau, baina batez ere orain dela 20 urte erretiratu nintzenetik.

 

Ikastolako sarreran noiz hasi zinen ipintzen figurak?

Orain dela 4 urte inguru edo, ikastolatik esan ziguten, gune bat bazegoela eta ea nire figurekin apaindu genezakeen. Pixkanaka pixkanaka hasi ginen eta badirudi itxura polita hartzen ari dela eta ikasleek ere gustuko dutela.

Seguru baietz!

Bai, hala ematen du. Lekuz mugitzen dituzte piezak eta horiekin jolasten dutela dirudi eta nik ere asteburuan tokiz mugitzen ditut, horrela ikasleak astelehenean ikastolara bueltatzen direnean beste modu batetara ikusten dituzte antolatuta figurak.

Kanpoan bakarrik ez, ikastola barruan ere badituzu zure lanak erakusgai ez da hala?

Bai, egurrezko hainbat pieza ditut eginak eta barrualdean jartzea komeni da erakusketa hau, eguraldiak ez ditzan kaltetu. Baina gune hau guztiei irekia izatea nahi dut.

Kontaiguzu guztientzako izatea nahi duzun espazio horri buruz gehiago.

Nire asmoa, guztiei irekia den espazio bat izatea da. Ikasle eta gurasoek ere parte hartuko duten gune bat, birziklatuta edo “tuneatuta” egiten dituzten piezak erakusketan egongo direna. Nireak bakarrik ez, guztienak baizik. Horrela, birziklapen eta berrerabilpena sustatzeaz gain, guztiok sortzaile izan gaitezen eta denon lanek osatu dezaten erakusketa.

Azken albisteak

2024-03-22
Araba Euskarazek ekintza ezberdinak antolatzen ari da jai handia iritsi bitartean. Horien artean, duela bi urtetik hona egiten duten Arabako Ikastoletako 5.
2024-03-19
Euskadiko VII. Geografia Olinpiadan parte hartu dute ikastolako BATXI 2ko hamahiru ikaslek, lehen aldiz.
2024-03-18
Apirilaren 8tik 19ra bitartean izango da Batxilergoa egiteko matrikulazioa.