Skip to main content

JOSU SUAREZ – Armentia Ikastolako irakaslea

2022/03/31

JOSU SUAREZ ARMENTIA IKASTOLAKO IRAKASLEA DA, ETA AURTENGO KORRIKAN ARMENTIA IKASTOLARI DAGOKION KILOMETROAN LEKUKOA ERAMANGO DU. MOMENTU HUNKIGARRIA IZANGO DA, BERE IRAKASLE IBILBIDEA IXTEKO MODU BOROBILA.

 

Zer suposatzen du zuretzat Korrikaren lekukoa eramateak? 

Burura datorkidan lehen gauza euskalgintzan eta alfabetatzean aspaldi erabiltzen zen lelo bat da: "Ez dakienak ikasi, dakienak irakatsi".  Lelo hori oinarritzat hartuta aritu izan naiz beti. Alfabetatzeko bide horretan AEKn eman nituen lehengo urratsak. Euskaldun berria izatetik irakasle izatera heldu naiz, hori da urte hauetan guztietan egin dudan bidea. Eta bide horretan Korrika soinu-banda eta iparrorratz moduan izan dut, ibilbide guztia lotu duen haria izan da, nolabait esatearren. Orain, 40 urte pasata, Korrika indartsu egotea, eta lekukoa nire eskuetatik belaunaldi gazteagoetara igarotzeak hunkitu egiten nau.  

 

Zergatik aukeratu zaituzte?

Gaur egun Ikastolako irakaslerik zaharrena izanik, eta laster erretiroa hartuko dudanez, omenaldi gisa egin zidaten proposamena. Uste dut gutxi-asko Ikastolan ezagutzen dutela helduen alfabetatzearekin izan dudan lotura.

 

Ze oroitzapen dituzu Korrikaz? Baten bat berezia da zuretzat? 

Korrika niretzat, betidanik, euskararen alde ospatzen direnen jaien artean gogoenetarikoa izan da. Oroitzapen asko ditut Korrikari lotutakoak: Araban, Gasteizen, AEKn, gaztaroan, andregaiaren alboan euskaltegira joaten, elkarri animoak ematen eta Korrikan denok batera...

Lehenengo Korrikan izena ematera joan nintzenean, lagun bat etorri zen nirekin, eta sartu ginenean ez nintzen gai ulertzeko galdetzen zidatena. Lagun hori itzultzaile gisa ibili zen ez bait nintzen galdera errazenak ere ulertzeko gai: zein zen nire izena, zenbat urte nituen edota nongoa nintzen. 

Oiongo ikastolan sartu nintzenean AEK Errioxa aldean lehenengo urratsak ematen ari zen. Ikastolako irakasleok, gurasoak, ikasleak, eta AEKan zeudenak elkartu ginen Korrikari harrera emateko. Goizeko ordu txikitan pasatzen zenez, arratsalde horretan goitibehera txapelketa antolatu genuen eta herri osoa bildu ginen algara handiz euskararen alde.

 

Zein da Armentia Ikastolak Korrikarekin duen lotura? 

Korrikak helduen alfabetatze eta AEK esparrua gainditu du. Euskal Herri osoa euskararen alde batzen duen jaia izanda,  eta ikastolaren helburu nagusietako bat hori izanda, nola ez gara loturik egongo?

Azken albisteak

2024-03-22
Araba Euskarazek ekintza ezberdinak antolatzen ari da jai handia iritsi bitartean. Horien artean, duela bi urtetik hona egiten duten Arabako Ikastoletako 5.
2024-03-19
Euskadiko VII. Geografia Olinpiadan parte hartu dute ikastolako BATXI 2ko hamahiru ikaslek, lehen aldiz.
2024-03-18
Apirilaren 8tik 19ra bitartean izango da Batxilergoa egiteko matrikulazioa.