Skip to main content

Plisti-plasta, musikaren erritmora!

2022/10/05

Haur Hezkuntzako 4D mailakoen gelan sartu gara oraingoan. Haurrak lurrean dagoen paper zuri zabal bat inguratzen ari dira, urduri, irriari eutsi ezinik. Amantalak jantzita dauzkate eta oinutsik daude, erdi saltoka. Gelaren albo batean, mahai batzuen gainean, koloretako esku-margoak dituzte, eta beste aldean, lau alki eta urez betetako kubo pare bat. Ikuspegi panoramiko bat eginda erraz asmatu daiteke zer egiteko zain dauden.

Iñurria eta Txirrita ipuina lantzen ari direla azaldu du Aitziber Gomez gelako tutoreak, musika klasikoko entzunaldien bidez. Hirutan entzun dute musika txikiek: “Lehenengo aldian, erlaxatuta entzun dute; bigarren aldiz, entzun eta burura zer etortzen zitzaien komentatu dugu”. Kasu honetan, musika melankolikoa dela aipatu du Gomezek, eta gehienek tristea bezala identifikatu dute. Horrek sentimendu ezberdinei buruz hitz egiteko aukera eman die. Azkenik, “hirugarren aldiz, entzuteaz gain, gorputza libreki mugitu dute musikaren erritmora”. Poliki-poliki, paper zuriaren inguruan ibiltzen hasi dira.

Musika gelditu dute, eta esku-margoak dauden mahaietara gerturatu dira. Hiru kutxatxo jarri dituzte, koloreak aukeratu eta margoak nahastu dituzte. Adi-adi daude guztiak, tutoreak kontatzen diena entzuten: udazkeneko koloreak aukeratu behar dituzte ekintza honetarako. Amaitzeko, berriro ere paper zuriaren ertzean elkartu dira guztiak, margoak daramatzaten kutxatxoen atzetik ilaran jarrita. Berriz jarri du musika Aitziberrek, eta kontu handiz, kutxatxoen barruan sartu dituzte oinak, ondo bustitzeko. Ondoren, udazkeneko murala osatu dute koloretako oinatzek utzi duten arrastoekin.

Bueltaka ibili dira, saltoka, momenturen batean begiak ere itxi dituzte. Gustora baino gustorago. Batenbatek bere laguntxoak ikustearekin nahikoa izan du, eta eserita geratu da. Hurrengo batean agian ausartuko da oinekin estanpazioak egitera, bere aztarna utziz.  Bukatzeko, berriro ere ilaran, beste aldeko aulkietan eseri eta oinak urarekin garbitu dituzte, spa baten moduan, eroso-eroso.

Irudia
p1gejp7b5rqjkd8v1m5h1t1nav74.JPG
Irudia
p1gejp7b5rhq0opg1gan4g8d085.JPG
Irudia
p1gejp7b5s8k01m8m1nrl17b6h636.JPG
Irudia
p1gejp7b5sfcs1k8npas1op51d0s7.JPG
Irudia
p1gejp7b5s689c4u89cf9si8.JPG

Azken albisteak

2024-03-22
Araba Euskarazek ekintza ezberdinak antolatzen ari da jai handia iritsi bitartean. Horien artean, duela bi urtetik hona egiten duten Arabako Ikastoletako 5.
2024-03-19
Euskadiko VII. Geografia Olinpiadan parte hartu dute ikastolako BATXI 2ko hamahiru ikaslek, lehen aldiz.
2024-03-18
Apirilaren 8tik 19ra bitartean izango da Batxilergoa egiteko matrikulazioa.