Zuhaitz landaketa

GASTEIZ. Euskararen hazia indarrez hozituko da Borinbizkarran. Ume, gazte eta helduek herri-landaketa batean hartuko dute parte datorren igandean, hilak 24, 100 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzeko. Armentia Ikastolak, Araba Euskaraz-en 39. edizioaren antolatzaileak, antolatu du ekimena. Jarduerak, jende guztiari zabalik, ongietorria emango dio udaberriari 11:00etatik aurrera Ozeano Barea kalearen eta trenbidearen artean dagoen lur-sailean. Zehatzago, iaz inauguratu zen jolas-parkearen eta Zabalganara daraman pasabidearen artean. Landaketaren antolakuntzan Gasteizko Udalak lagundu du Ingurumen Sailaren eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez.

Armentia Ikastolak 25 urte bete zituen iaz. Duela 25 urte ereindako hazi euskaltzalea hozitu egin da Gasteizen eta, metafora horri jarraituz, Ikastolak landaketa bat txertatu du Araba Euskaraz-eko egitarauan herritarrak modu ludiko eta parte-hartzaile batez sentsibilizatzeko ekainaren 16an Gasteizen ospatuko den festa horrek dakarren ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murriztu beharraz. Horrekin batera, antolatzaileek azaldu dutenez, landaketak hiri-basoa sortzen lagunduko du eta horrek ahalbidetuko du, besteak beste, konfort termikoko baldintzak hobetzea, berotegi-efektua murriztea, karbonoaren sarbegi gisa duen funtzioa areagotzea eta euriaren ura iragazteko lurraren gaitasuna hobetzea. Zuhaitz eta zuhaixkek landare-estalki bat sortuko dute trenbidean zehar, eta konexio ekologikoa erraztuko dute hiriko azpiegitura berdeen sistemaren baitan.

Udala izan da zonaldea proposatu duena, azken bi urteotan hainbat hobekuntza egin baititu bertan. Urbanizatu zuenean, zonaldea zabar samar zegoen, baina 2017ko Korrika ospatu zenean oraingoan egingo dena bezalako herri-landaketa egin zen. Bada, igandeko landaketak une hartan sustraitu ez ziren zuhaitz eta zuhaixkak berriz jartzeko aukera emango du eta beste itxura bat emango dio jolas-parkea inauguratuz geroztik bisitari gehiago hartzen dituen zonalde horri.

Armentia Ikastolak Araba Euskaraz antolatzeak ematen dion abagunea baliatu nahi du hainbat kolektiborekin lan egiteko, inguruko auzoetara gerturatzeko eta ingurumenarekin duen konpromisoa erakusteko.