Skip to main content

Maiatzaren 7an, Agurainen dugu hitzordua!

2023/04/26

Araba Euskaraz bidez

Maiatzaren 7rako dantzaren inguruko festa eguna antolatu dugu Araba Euskarazetik Agurainen. Elkar -EKIN dantzan! goiburupean, aldarrikapen hirukoitza egingo dugu dantzaren bitartez, adierazpide honek jendea batzeko duen gaitasunaz baliatuta: alde batetik, Euskal Herri luze-zabaleko tradiziozko dantzek hartuko dituzte Aguraingo alde zaharreko kale eta plazak; tradiziozko dantzetatik abiatuta, gaur egungo dantza estiloei edota dantza urbanoei tarte egingo zaie bigarrenik; eta hirugarrenik, gaur egungo euskal gizartearen aniztasuna islatuko dugu munduko dantzen bidez.

Dantza talde parte hartzaileak:

  • Zubi-Zahar (Ondarroa, Bizkaia)
  • Orain Bat (Baiona, Lapurdi)
  • Lurra dantza taldea (Urretxu, Gipuzkoa)
  • Paz de Ziganda (Atarrabia, Nafarroa)
  • Jeiki Dantza taldea (Agurain, Araba)
  • Dardara Gune (Agurain, Araba)
  • Munduko Dantzak (Agurain, Araba) 

Dantzarien kalejiran ikusi ahalko da goiko taldeen dantza ikuskizuna, baina era berean kalejira baliatu nahi da Agurainen euskararen biziberritzean lanean ari diren hainbat talderi aitortza egiteko: familiei (etxean edota kalean seme-alabei euskaraz egiteagatik edota euskararekiko jarrera egokiak helarazteagatik), hezkuntza-sistemari (ume eta nerabeen euskalduntzearen ezinbesteko motorra izategatik), helduen euskalduntzeari eta euskaldun berriei, LEK-eko ekonomatoari… bertsolariak arduratuko dira tokian tokiko gunearen aldeko mezua pasatzeaz.

Kalejiraren ondoren, Santa Marian bazkaria egingo da, ikastolako gurasoen eskutik (Lautada ikastolan eskura daitezke bazkaritarako tiketak). Ondoren, umeentzako ipuin musikatua egongo da Lautada Ikastolako frontoian, BERRIA egunkariaren eskutik.

16:30ean Santa Maria plazan bertan Dantza Plaza parte hartzailea egingo da eta festa amaitzeko TTEK elektrotxarangarekin kalejira egongo da, talde hau izan baita aurtengo Araba Euskaraz-en abestia sortu duena.

‘Dantzatzen den herria, ez da inoiz hilko!’ oihu egin zuen behin batez Jon Maya dantzariak eta lelo horri gehitu diogu ‘Elkar -EKIN dantzan!’ goiburua: mugak gaindituz, Euskal Herri osoko dantzariak batuz; estiloak nahastuz, tradiziozko dantzak eta gaur egungoak uztartuz; mugak lausotuz; bertako dantzak eta doinuak eta urrutiagokoak nahastuz. 

Elkar-EKIN dantzatzera!

Azken albisteak

2024-03-22
Araba Euskarazek ekintza ezberdinak antolatzen ari da jai handia iritsi bitartean. Horien artean, duela bi urtetik hona egiten duten Arabako Ikastoletako 5.
2024-03-19
Euskadiko VII. Geografia Olinpiadan parte hartu dute ikastolako BATXI 2ko hamahiru ikaslek, lehen aldiz.
2024-03-18
Apirilaren 8tik 19ra bitartean izango da Batxilergoa egiteko matrikulazioa.