Korrika AGENDA

Bi urtetik bi urtera Korrikaren bisita izaten dugu AEKren eskutik eta dagoneko oso gertu daukagu. 2015eko martxoaren 19an Urepelen hasiko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. 11 egunez gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hemeretzigarrenez, martxoaren 29an Bilbora heldu arte.

Korrika, AEK-k antolatuta, Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu.

Korrika 19k EUSKAHALDUNDU! dio, euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta erabil dezagun ahalmen hori. Ahaldundu gaitezen euskararen eta euskalgintzaren egoeraz.

Euskaldun eta euskaltzale guztiok osatzen dugu Euskal Herria, Euskararen Herria. Eta horixe aldarrikatu nahi dugu: guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, lortu ahal dugula euskaraz biziko den herria, euskalakariz osatutako herria. Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu -Korrika bera, esaterako- eta iraganean bezala gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia.

Korrika Gasteizera hurbiltzen den guztietan gure Ikastolan diruz laguntza emateko kilometroa “erosten” dugu. Kilometroaren kostuari aurre egiteko familia bakoitzari, batez beste, 2 euroko dirua ematea eskatu ohi diogu. Diru hori, edo familia bakoitzak nahi duena, Ikastolara martxoaren 13a baino lehen ekartzea eskertuko genizueke. Zuon semearen edo alabaren bitartez egin dezakezue, bakoitzak bere tutoreari eman diezaion esanez.

Korrikari harrera egiteko, hainbat ekitaldi prestatu dituzu ikastolan eta inguruetan:

  • Martxoaren 14an, larunbata, Ariznabarra-Zabalganako Korrika eta jaia: Armentiak bere kilometroa izango du bertan

  • Martxoaren 24an, asteartea, ikastolan Korrika jaia, 17:00tik aurrera

  • Martxoaren 25ean, asteazkena, “Asian Bizikletaz” hitzaldia, Koldo Zubizarretaren eskutik

  • Martxoaren 26an, osteguna, Korrika Txikia antolatuko dugu Gasteizko ikastetxe guztion artean.

  • Martxoaren 28an, larunbata, Gasteiza hurbilduko zaigula Korrika 19.

 

KM Zenbakia: 2195

Ordua: 13:42

 

Korrika batzordea.