Araba Euskaraz 2019: etorkizun jasangarri baten alde

Araba Euskaraz 2019: etorkizun jasangarri baten alde

 

Adibide izan zaitezen behar dugu. Erronka honi hel diezaiozun: 2019ko Araba Euskaraz jasangarria, garbia eta ingurumenarekin arduratsua izatea. Armentia Ikastola buru belarri ari da lanean ekainaren 16an ospatuko den euskararen aldeko jaiaren antolaketan, eta helburutzat hartu du jai horrek ingurunean izango duen eragina ahalik eta gehien txikiagotzea. Eta, horretarako, plan bat daukagu: ingurumen dekalogo bat. Dekalogoak arrakasta izateko zu behar zaitu. Dakizun moduan jokatu behar duzu, eta laguntza eskatzen dizugu hori zabaltzeko eta praktikan jartzeko.

Ekitaldi handiek beti izaten dituzte eragin kaltegarriak. Hainbeste jenderen pilaketak aparteko plangintza egin beharra dakar. Eta eragin horien artean daude ingurunearen narriadura, ingurumenaren kutsadura, kutsadura akustikoa, ur kontsumoaren igoera, energiaren gastu altua eta hondakinen pilaketa. Egoera hori aldatu dezakegu? Pasa al gaitezke Araba Euskaraz ilun batetik Araba Euskaraz berde batera? Gure esku dago. Ingurumen Batzordeak zinez errazak diren neurri batzuk diseinatu ditu hori lortzeko.

Hasteko, ke eta zarata gutxiago. Erabili garraio publikoa. Edo, are hobeto, etorri bizikletaz edo oinez. Eta behin han zaudela, zaindu ingurunea, erabili zakarrontziak eta edukiontziak, edan ura ibilbidean zehar dauden iturrietatik, kontsumitu era arduratsuan, eta saia zaitez zaratarik ez egiten gune lasaietan. Egin planto plastikoari, eta erabili edalontzi berrerabilgarriak.

Azken hori funtsezkoa da. Gure asmoa materialen erosketa arrazionalizatzea da, eta hondakinen bolumena txikiagotzea. Hori dela eta, gainerako batzordeei eskatu diegu erabilera bakarreko materialak ez erabiltzeko, eta birziklatzeko arazo gehien ematen dituzten materialak ahalik eta gehien murrizteko.

Gogoan hartu: zu behar zaitugu ARABA EUSKARAZ GARBI bat lortzeko

Fitxategia: