Skip to main content

"Pribilegioa iruditzen zait Ikastola bezalako leku batean barruan gertatzen den guztiaren partaide izatea eta ekarpena egin ahal izatea"

2020/10/29

Gogotsu hitz egiten du horretaz, eta familia guztiak animatzen ditu parte hartzera, familia handi horretan integratzera. Datozen asteetan, Kontseilu Errektorean ikasleen familiak ordezkatzen dituzten pertsonak ezagutuko ditugu, honelako elkarrizketen bidez.

Zergatik erabaki zenuen Kontseilu Errektorean parte hartzea?

Ustekabean joan nintzen Kontseilu Errektorera, aldez aurretik pentsatu gabe. Egia da aurreko bi urteetan gelako ordezkaria izan nintzela eta tailerretan eta abarretan parte hartzen nuela, baina maila horretan parte hartzea ez nuen planteatu ere egin, benetan. Kontseilu Errektorean aldaketa egin behar zen eta urte horretan irtetea tokatzen zitzaion gurasoetako bat Ikastolan dugun koadrilakoa da. Boluntario askorik ez dagoela esan zigun eta proposatu egin zidan. Bizpahiru egunen buruan, Iñaki Lauzirika orduko zuzendariak berriro animatu ninduen. Asko ikasten dela esan zidan. Azkenean animatu eta neure burua aurkeztu nuen, ez beharturik, ilusioz baizik.

Noiztik parte hartzen duzu?

Lau urte daramatzat. COVID-19agatik egin ezin izan zen ekaineko batzarrean ateratzea tokatzen zitzaigun, eta, gauzak ondo, datorren otsailean egingo den batzarrean amaituko dut; beraz, lau urte eta erdi daramatzagu dagoeneko. Egia da gai dezente jorratzea egokitu zaigula: lehenengo urtean obrak, eta horrek sarriago bildu behar izatea eragin zigun; 25. urteurrena, Araba Euskaraz antolatzea ere egokitu zitzaigun... Baina kooperatiba baten funtzionamenduaz gauza asko ikasi ditut, oso aberasgarria izan da. Eta komunitate honetako gainerako kideekin harreman zuzena izateko aukera ematen dizu.

Zein da zure funtzioa?

Ni kontseilukide naiz eta nire ikuspuntua ematen saiatu naiz, nire aletxoa jartzen, zentzuz. Aitortu behar dut ni izan naizela esperientzia honetatik gehien aberastu dena. Pribilegio bat iruditzen zait Ikastola bezalako leku batean, non gure ondasunik preziatuenak, gure seme-alabak, uzten ditugun, bere kudeaketan parte hartu ahal izatea, barruan gertatzen denaren berri izatea eta ekarpena egin ahal izatea. Ahalegin bat eskatzen du, baina pribilegio bat da, nik hala ulertzen dut.

Zein da dinamika?

Egutegi bat ezartzen dugu, bi astean behin biltzen gara, eta Kontseilu Errektoreko kide garen 10 pertsonak, familien 5 ordezkarik eta langileen 5 ordezkarik parte hartzen duge, guztiak Batzar Nagusian aukeratuak. Agurne Barruso Ikastolako zuzendaria ere bertan egoten da. Hitza du, baina botorik ez.

Bilera bakoitzean gai-zerrenda bat aurkezten da, Ikastolaren kudeaketari buruz hitz egiteko. Gai informatiboak daude, erabakitzeko gaiak, lantzen joateko gaiak... puntu horiek guztiak eztabaidatu egiten dira eta, hala badagokio, bozkatu egiten da. Bilera guztiak akta batean jasotzen dira. Akta hori Kontseiluko idazkariak egiten du, hurrengo bileran onartzen da eta lehendakariak sinatzen du.


Zer egin dezake Kontseilu Errektoreak gurasoen iritziak bideratzeko?

Aspalditik ari gara gai hori planteatzen, beti baitago hobekuntzarako tartea. Kontseilu Errektorean badakigu oso garrantzitsua dela gurasoei entzuten zaiela sentitzea eta, horrela, erabakietan parte hartzen dutela sentitzea. Horretarako, komunikazioa eta proposamen-bilketa hobetuko dituen eredu bat bilatu behar da.

Une honetan, gelaren egunerokotasuna, beste ikaskideekiko harremanak, hezkuntza-proiektua eta abar argitzeko eta ekarpenak egiteko, tutorea da biderik zuzenena, gure seme-alabekin egunero egoten den pertsona. Gainera, helbide elektroniko guztiak ditugu webgunean.
Beste gai orokorrago batzuetarako, Idazkaritzara mezu elektroniko bat bidal daiteke, proposamenak dagokionari bideratzeko: zuzendaritza, klaustroa, Kontseilu Errektorea, Armentxo...

Azken albisteak

2024-04-25
Ikasturte amaiera ate-joka dugu, hori dela-eta Armentia ikastolak eta Zirimolak
2024-04-25
Apirilaren 23an, asteartearekin,