Skip to main content

Eredu berria eskatu du Ikastolen Elkarteak, Euskal Hezkuntza Sistema propiorako bidean

2022/11/23

Ikastolen Elkartea bidez

“Ikastolen Elkartean batzen garen 113 ikastoletako ordezkariak elkartu gara, Donostian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako garatzen ari den Hezkuntza Lege berriaren eta Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren inguruan egin ditugun hausnarketak plazaratzeko. Eskualdez eskualde elkartu gara ikastolak gaia jorratzeko, beronek etorkizuneko euskal hezkuntza sisteman izango dituen erronkei buruz hitz egiteko, bai eta ikastolen mugimendutik begira eraiki nahi dugun Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemari begira urrats garrantzitsu bat izan daitekeen une honek duen garrantzi handia azpimarratzeko ere.

Ikastola guztien izenean hitza hartu dute gure mugimenduko ordezkari nagusiek: Koldo Tellituk, Nekane Artolak, Elena Zabaletak eta Peio Jorajuriak”.

Egindako agerraldiaren bideoa duzue eskura: Ikastolen Agerraldia

Hasieran, gogora ekarri dute begi onez ikusi zituztela lau alderdiek lortu zituzten hezkuntza akordioaren ideia batzuk; besteak beste, ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza mailak zehaztea; Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortzea, hura definitzea eta parte izateko betekizunak zehaztea; baita segregazioari aurre egiteko neurriak jartzea ere.

Horrez gain, Euskal Herriko zazpi lurraldeetan zehar hedatuta dagoen euskal hezkuntza eragile bakarra direla ere gogorarazi dute agerraldian, eta hiru eskaera egin: Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoan parte hartzeko ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak eta izango dituzten eskubide eta betebeharrak zehaztea; hezkuntza sistema “euskalduna, integratzailea, ikastetxeen autonomia erreala bermatuko duena” bultzatzea; eta, horretarako, “orain arte egon diren esperientzia eta errealitate ezberdinak baliatzea”.

Zentzu horretan, euskal gizarteak dituen “pisuzko erronkei” erreparatu die, bereziki euskararen eta euskal kulturaren transmisioari eta segregazioari dagozkienei, eta horien aurrean “herri moduan” erantzuteko deia egin dute: “Denok gara beharrezkoak; ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisa pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik”. Era berean, gai horietan “handira jokatzeko unea” dela aldarrikatu dute.

Jarraian uzten dizuegu, pdf fitxategian, agerraldian egindako adierazpena.

Azken albisteak

2024-04-25
Ikasturte amaiera ate-joka dugu, hori dela-eta Armentia ikastolak eta Zirimolak
2024-04-25
Apirilaren 23an, asteartearekin,