Skip to main content

Armentia: ikastola morea

Beste urte batez, morez margotuko dugu martxoaren 8an Armentia Ikastola.

2024/03/07
Irudia
ikastola morea

Beste urte batez, morez margotuko dugu martxoaren 8an Armentia Ikastola. Halere, koloreaz harago, morea guretzat izateko modua da, Armentia Ikastolaren jarduneko modua. Izan ere, gure helburua da ikastolako ikasleak, besteak beste, kritikoak eta konprometituak izatea. Horrela, kritikotasun horrek generoaren zeharlerroa txertatua izatea nahi dugu, egun gertatzen diren egoera bidegabeen aurrean desadostasuna agertzeko. Horrekin batera, konprometituak nahi ditugu, besteak beste, gizarte mailan genero-berdintasunean dugun erronkarekiko konprometituak.

Hori erdiesteko Haur Hezkuntzatik egiten dugu lan, gure ikasleek kontzientzia hori har dezaten. Hezkidetza da horretarako gako-hitza, eta hezkidetzaren irizpidea txertatuz goaz jardun guztietan. Are gehiago, aurten Armentia Ikastolak badu helburu gisa berdintasun-plana onartzeko. Finean, ez da nahikoa gure ikasleek gizartearen aurrean jokabide egokia izan dezatela lortzea, ikastola bere eredu bihurtu behar dugu, bai eta genero-berdintasunaren esparruan eragile ere. Eta, esan bezala, aurten bide horri modu determinanteagoan ekingo diogu hemendik gutxira onartuko dugun I. Berdintasun Planari esker.

Amaitzeko, uste dugu gaur badela eguna horretan guztian dabiltzan hezitzaileen eta irakasleen lanari aitortza egiteko, bai eta gurasoz eta irakaslez osatutako hezkidetza-taldearen lanari ere. Gurea eredu kooperatiboa da eta beharrezkoa da, gai honetan ere, familien, irakasleen eta hezitzaileen arteko osagarritasuna.

Berdintasunean, ekitatean eta parekidetasunean hezten jarraituko dugu, eta gaur, Ikastolaren konpromisoa berresteko morez jantzi dezagun Ikastola.

Paul Bilbao Sarria
Zuzendari orokorra

Azken albisteak

2024-05-15
Euskarak ikusentzunezkoen esparruan duen
2024-05-15
Azken ukituak ematen ari dira ikastolako jaiko antolatzailea
2024-05-15
Oso ezaguna da ipar Euskal Herriko ikastoletako ikas
2024-05-09
Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroa Oi